Fabiola Belgikakoa. Ezkontza-soinekoa

“Fabiola Belgikakoa. Errege ezkontza bat” erakusketa Thyssen Bormenisza museoak ekainaren 18tik irailaren 22ra antolatutako “Balenciaga eta Espainiako pintura” erakusketaren atal bat izan da. Kontserbazioko arrazoiak direla-eta Museoaren biltegietan atseden hartu baino lehen, “Fabiola Belgikakoa. Ezkontza soinekoa” erakusketak Fabiola de Mora y Aragónen ezkon-soineko ikonikoaren historia eta testuinguru zehatza aztertzeko proposamena egingo digu.

Gaur egun ikusgai dagoen “Cristóbal Balenciaga. Moda eta Ondarea” erakusketak testuinguruak aztertzen ditu, eta, horri esker, gai izango gara Cristóbal Balenciagaren sorkuntza noiz eta nola gorpuztu zen ulertzeko. Testuinguru horietako batzuk ezkutuan daude, eta goi-mailako joskintzaren lanbidearen eta jardunbideen parte dira; beste batzuk, ordea, erabat publikoak dira, eta gizarte- eta kultura-inguruekin eta gertakari historikoekin dute zerikusia; izan ere, XX. mendeko kulturaren, artearen, diseinuaren edo modaren esparruko sorkuntzen sorrera markatzen dute, baita arlo horietan berrikuntzak ezarri eta hedatzeko prozesuak ere.

Azken testuinguru horietan, komunikabideek funtsezko zeregina dute: guretzat islatzen dituzte, eta, modaren kasu zehatzean, sortu ere egiten dituzte, baita mugarri bihurtu ere, iruditeria kolektiboaren barruan.

Horixe gertatu zen Balduino Belgikakoaren ezkontide izandako Fabiola de Mora y Aragónen ezkon-soinekoarekin. Soinekoaren prestaketa gertakari garrantzitsua izan zen Balenciaga Maisonen, hala bezeroaren hurbiltasunagatik –haren birramona Micaela Elío y Magallón, Casa Torresko markesa izan zen–, nola errege ezkontza hark garai hartan piztu zuen ikusmiragatik.

Soinekoa Aldamar jauregiko (Casa Torresko markesen antzinako udako etxea) erakusketa-aretoetan dago ikusgai, eta sasoi hartako dokumentuak –argazkiak, aldizkariak eta prentsa, garaiko zirriborroak–  ditu osagarri, gertakari historiko horrek izandako ospea eta piezak Museoaren bildumaren barruan izandako garrantzia ulertzen laguntzeko.