Jantzigintzako goi-mailako joskintzako tekniketan online ikastaroa

Erdi-mailako formakuntza hau goi-joskintzako jantzigintza-ibilbideko ikastaroen programan sartzen da, eta proposatutako prestakuntza-ibilbidearen zati gisa nahiz modu independentean egin daiteke.

Ikastaroak Balenciaga Etxeko jostundegietan erabilitako metodo eta prozedura espezifikoetara hurbiltzea proposatzen du. Bereziki, josteko eta lisatzeko teknikak ikastean eta aplikatzean jartzen du arreta, eta, horretarako, papar-hegala duen artilezko jaka koadrodun baten elementu jakin batzuk egitea du ardatz.

Ikastaroaren irismena eta ibilbidearen jarraipena: Ikastaro honek ez du jaka oso bat egitea aurreikusten, baizik eta jantzi horren zenbait elementu erabiltzen ditu jantzigintzako teknikak ikasteko eta esperimentatzeko euskarri gisa. Prestakuntza honetan hasitako jaka ibilbidearen hurrengo ikastaroan osatu ahal izango da, jantzigintzako erdi-mailako 2. atalari dagokiona, deialdi independente bat baitu. Lanean jarraitu eta jantzia osatu nahi dutenek beste inskripzio bat egin beharko dute deialdi horretarako, ezarritako epeen barruan eta onarpen-baldintzen arabera.

Irakaslea: Javier Martín

Egutegia: 2027ko urtarrilaren 11tik 31ra. Aurreikusitako dedikazioa, 25 ordu.

Ordutegia: Parte-hartzaile bakoitzak askatasunez antolatu ahal izango du bere dedikazio-denbora eta bere ordutegia ezarri ahal izango du proposatutako ariketak egiteko, betiere modulu bakoitzerako ezarritako epeen barruan eta aurreikusitako dedikazioa kontuan hartuta.

Online tutoretza-saioak astearte eta ostegunetan izango dira, 18:00etan (gaztelaniaz) eta 19:00etan (ingelesez), 50 minutu inguruko iraupenarekin.

Ikastaroa amaitzean, otsailaren 1ean, astelehenean, azken online topaketa bat egingo da, amaitutako lanak aurkezteko eta irakaslearekin lanok bateratzeko. Saio honetarako 8 eta 10 partaide arteko talde txikiak antolatuko dira. Talde bakoitzari esleitutako ordua ikastaroa hasi ondoren jakinaraziko da.

Nori zuzenduta: Moda diseinuko, patroigintzako eta joskintzako ikasle edo tituludunak, eta jantzigintzako goi-mailako joskintzako tekniketan trebatzeko interesa duen edonor. Bereziki, Museoak antolatutako goi-mailako jantzigintzako tekniketan hastapen-ikastaroa aurretik burutu duten eta horietan sakontzen jarraitu nahi duten pertsonentzat.

Baldintzak: Interesdunek joskintzako tekniken ezagutza eduki eta egiaztatu behar dute, eta gai izan behar dute jantzi bat mozteko, albaintzeko eta josteko. Deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza ez den arren, ibilbide honen hastapen-mailako ikastaroa bete izana baietsiko da.

Izen-ematea: Izena emateko epea zabalik egongo da azaroaren 16tik 30era, biak barne, 14:00ak arte (Espainiako penintsulako ordua). Interesdunek online izena emateko inprimakia bete eta honako dokumentazio hau erantsi beharko dute:

• Curriculum vitaea, modaren arloko prestakuntza eta esperientzia zehazten dituena.
• Motibazio-gutuna. Bertan, jarduerarekiko interesaren arrazoiak eta hautagaiak edukiekin duen lotura azalduko dira.

Eskatutako dokumentazio guztia ez duten eskabideak edo ezarritako epetik kanpo jasotzen direnak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

Parte-hartzaile kopurua: Ikastaroak gehienez 30 plaza izango ditu. Hautaketa aurkeztutako dokumentazioaren baloraziotik abiatuta egingo da, eta esleitutako plazen jakinarazpena abenduaren 1etik aurrera egingo da.

Hizkuntza: Ikastaroko ikus-entzunezko materialak gaztelaniaz eta ingelesez daude eskuragarri. Tutoretza-saioak, bestalde, bi taldetan antolatzen dira, bata gaztelaniaz eta bestea ingelesez.

Prezioa. 340 euro.

Adierazitako zenbatekoa Cristóbal Balenciaga Fundazioak jaso beharko duen zenbateko garbiari dagokio. Beraz, matrikularen ordainketaren ondoriozko edozein gastu edo banku-komisio parte-hartzailearen kontura izango da.

Museoaren Lagunei aplika dakiekeen deskontua matrikula egiteko unean gutxienez bi urteko antzinatasuna egiaztatzen dutenentzat izango da.

Materialak eta bidalketak: Matrikularen prezioan ariketak egiteko behar diren materialak sartzen dira, baita penintsulara bidaltzeko behar direnak ere. Museoak material sorta bat prestatuko du parte-hartzaile bakoitzarentzat, artilezko ehuna, artehuna, xingola eta laneko patroia barne. Paketea adierazitako posta-helbidera bidaliko da prestakuntza hasi aurretik.

Penintsulatik kanpo bizi diren parte-hartzaileek, matrikularen zenbatekoaz gain, dagozkien bidalketa-gastuak ordaindu beharko dituzte, helbidearen arabera:

• Balearrak: 18,00 €
• Kanariak: 30,00 €

Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan edo Europar Batasunetik kanpo bizi diren pertsonen kasuan, Museoak ez ditu materialak bidaliko. Horren ordez, parte-hartzaile bakoitzak bere herrialdean eskuratu ahal izateko beharrezkoak diren argibide eta zehaztapen teknikoak emango ditu. Kasu horietan, matrikularen zenbatekoa 320€-koa izango da, eta ez ditu barne hartuko

Plaza mugatuak. Izena ematea beharrezkoa da.

Parte-hartzaileen gutxieneko kopururik lortzen ez bada, jarduera bertan behera gelditzen dela jakinaraziko zaie interesdun guztiei, eta matrikularen zenbatekoa itzuliko da, hala dagokion kasuetan.

Amaitzean, jardueran parte hartu izanaren egiaztagiria emango da.

Harremanetarako: Tel. 943 00 47 77 / @. info@fbalenciaga.com

Izena eman

Izena emateko formularioa

Jarduera honetan parte hartzeko, bete ezazu formulario hau.

Datu pertsonalen babesaren gaineko informazioa:

Arduraduna:
Fundación Cristobal Balenciaga Fundazioa.
Xedea eta legitimazioa:
Zure datu pertsonalak zure eskaera kudeatzeko eta erantzuteko soilik erabiliko ditugu.
Hartzaileak:
Formulario honetako datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako.
Eskubideak:
Datu pertsonalen gaineko eskubideak gauzatzeko aukera izango duzu (datuetara sartzea, horiek zuzentzea edo ezabatzea, horien aurka egitea, tratamendua mugatzea eta eramangarritasuna eskatzea eta/edo baimena kentzea) hurrengo helbide honetara mezu elektroniko bat bidaliz: RGPD@cristobalbalenciagamuseoa.com. Halaber, Datuak Babesteko Espainiako Agentziari edo bestelako erakunde eskudunei erreklamazioa aurkezteko gaitasuna duzu.
Informazio osagarria:
Gure pribatutasun-politikari buruzko informazio osoa eskuratu dezakezu.