Lurrina Balenciagaren garaian

Ikusezina, etereoa, sotil bezain gogoangarria, luxuaren epitomea da perfumea. Aromen konbinazioa da esentzia, eta perfumeei gorputza ematen dieten elementuak dira, berriz, bitxi-izaerako flaskoak, kaxa eta erakustokiak, publizitate-irudiak eta izenen poesia; lurrinak objektu desiragarri bihurtzen dituzte horiek guztiek.

Balenciagaren bizitzaren kronologia (1895-1972) hartzen duen erakusketa honek perfume modernoaren historia bat proposatzen du, eta jostunaren haurtzaroa markatu ahal izan zuten usain gozoak hartzen ditu barnean, bai eta hark egindako usaimen-sorkariak ere, hala nola Le Dix ikonikoa, 1947koa, edota diseinatzailearen azken urteetako lurrinak.

Denboran zeharreko ibilbide honetan, Frantzian eta Espainian aitzindari izan ziren eta industria horren bilakaera markatu zuten etxe espezializatuen papera nabarmentzen da, baita XX. mendearen hasieratik perfume-diseinatzaileek egindako ekarpena ere, perfumea — Chanelen hitzetan — "modaren osagarri ikusezin eta erabakigarritzat hartu baitzuten".

Anne de Thoisy-Dallem eta Juanjo Ruiz Crivilléren bilduma zabaletako lan hautatuak dira erakusketan jaso diren asko, Cristóbal Balenciaga Museoko eta Donostiako Benegas lurrindendako erreferentziekin batera. Horiez gain, Versaillesko Osmothèque erakundearen lurringai historikoen berredizioak ere badaude.