Elkarrizketa baten sotiltasunak

Balenciaga etxeak museo batean egiten duen lehen erakusketa da Elkarrizketa baten Sotiltasunak. Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan sortu zen erakusketa, eta Keringen egoitzan aurkeztu zen lehenik, Parisko Laennec Ospitale historikoan. Oraingo honetan, Cristóbal Balenciagaren jaioterrira eta haren ondareari buruzko museora lekualdatu da erakusketa

Cristóbal Balenciagaren eta Demnaren —etxearen fundatzailea eta markaren azken sormen-zuzendaria— zenbait sorkuntza-lan biltzen ditu erakusketak. Artelan gisa aurkezten dira, obra bakoitzaren xehetasunak bakarturik erakusten dituen eszenografia baten barruan, estetika eta teknika, etxearen kode ikonikoak, sakontasunez aztertzeko moduan.

Horrela, formari harmonia, tolesturari oreka eta siluetari garbitasuna ematen dioten maisu-diseinuetara bideratzen da arreta. Xehetasunak osotasun zabalago baten zati gisa aztertzen dira, eta, horrela, agerian gelditzen dira eraikuntza eta materialtasun berritzaileak. Mikroaren ikuspegia, makroa hobeto hautemateko.

Erakusgai dauden lanak Balenciaga firmaren artxibo zabalekoak dira. Artxibo horretan daude bai Cristóbalen lehen lanak bai prêt-à-porter eta goi-mailako joskintzako bilduma berrienak. Horiez gainera, museoaren bildumako lan bakar bat dago ikusgai, bi erakundeen arteko elkarrizketa sinbolikoki irudikatzeko.

Elkarrizketa baten Sotiltasunak Cristóbal Balenciaga Museora ekarrita, Getariako diseinatzaileak moda garaikidean izan duen eragin iraunkorra ohoratzeko konpromisoa adierazten du firmak. Orobat, omenaldia egiten die haren ekarpen berritzaileei, eta haren ondarearekiko lotura azpimarratzen da.