MUSEOEN NAZIOARTEKO EGUNA, 2025

Museoen Nazioarteko Egunak gonbita egin nahi die museo-zentroei, identitate kulturalaren oinarrizko konektore berritzaile eta zaindari gisa betetzen duten zeregina berriro irudikatzera; izan ere, gai nagusi hau du nazioarteko egun horrek aurten: “Museoen etorkizuna, etengabe aldatzen ari diren komunitateetan”.

Behin eta berriro eraldatzen ari den garai honetan, aldaketaren abangoardian daude museoak, eta gertaera global aldakorrek eta bilakatzen ari diren gizarte-beharrek moldatutako panorama dinamiko batean egiten dute aurrera. Gogoan izan behar dugu museoak bitarteko garrantzitsuak direla kulturen truke eta aberastasunerako, elkarren arteko ulermena sustatzeko, lankidetzarako eta herrien artean bakea indartzeko.

Beraz, aurtengo gaiak bat egiten du Garapen Jasangarrirako Helburuekin, hiru helburu hauekin, zehazki:

8. GJH. Lan duina eta hazkunde ekonomikoa – Tokiko ekonomiak babesten dituzte museoek, enplegu-aukerak sortuz eta, horrez gain, hezkuntza-programak eskainiz, horien bidez komunitateak ahalduntzeko.

Cristóbal Balenciaga Museoak zuzen-zuzenean eragiten dio bere inguruneari, ekonomian, gizartean, kulturan eta ingurumenean, eta horixe erakutsi du museoa ireki zeneko 10. urteurrenean egindako ebaluazioak (2021).

9. GJH. Industria, berrikuntza eta azpiegitura – Museoek, sormena sustatuz eta aurrerabide teknologikoak bereganatuz, berrikuntza bultzatzen dute, eta, era berean, irisgarritasuna hobetzen dute.

11. GJH. Hiri eta komunitate jasangarriak – Hiriak modu jasangarri batean garatu daitezen laguntzen dute museoek, inklusioa, erresilientzia eta ondarearen zainketa bultzatzen dituzten kultura-etxe bihurtzen baitira.

Cristóbal Balenciaga Museoak urteak daramatza askotariko publikoak sentsibilizatzeko eta prestatzeko programetan lanean, modaren kultura arduratsu, iraunkor, ekitatibo eta berritzaile baten alde egiteko.

 

MAIATZAK 18 – ATE IREKIEN EGUNA

“Cristóbal Balenciaga: Teknika, Materia eta Forma” egungo erakusketara doan sartzeko aukera emango du museoak maiatzaren 18an, 10:30etik 18:30era bitartean, ordu-tarte bakoitzerako ezarritako bisitarien kopurura iritsi arte, betiere. Ezin da sarrera aurrez erreserbatu.

Informazio gehiago:
Tel. 943 00 88 40
@. info@cristobalbalenciagamuseoa.com