Distinción

Cristóbal Balenciaga Museoak “Distinción. Moda-argazkilaritzako mende bat” erakusketa eskaintzen du, Bartzelonako Museu del Dissenyk (Bartzelonako Diseinuaren Museoak) ekoitzia, azken 100 urteetako panorama nazionaleko argazkilari garrantzitsuenen ehun argazki baino gehiago jasotzen ditu. Juan Gyenes, Oriol Maspons, Manel Esclusa, Maria Espeus, José Manuel Ferrater, Antoni Bernad, Manuel Outumuro, Bèla Adler & Salvador Fresneda,Txema Yeste argazkilarien lanak daude, besteak beste.

Zer ezaugarri komun izan ditu moda-argazkilaritzak denboran zehar? Zer bilakaera izan du? Zergatik sortzen du hain lilura handia? Hori azaltzeko, Juan Naranjo komisarioak Distinció kontzeptua aukeratu du, zentzu bikoitza duena: dotoretasuna –modaren berezko ezaugarri bat– eta berezitasuna, abangoardia artistikoekin konektatzen duena. Modernismoaren garaitik –kalitate handiko paperean inprimatutako aldizkariak modeloen eta jantzien argazkiak argitaratzen hasi zirenean– gaur egungo bitarteko digitaletaraino: sedukzioa, probokazioa eta glamourra.

Gaien eta kronologiaren araberako ibilbidea eginez, moda-argazkilaritzaren, abangoardia artistikoen eta garai bakoitzeko eraldaketa sozialak bultzatzen dituzten pentsamendu korronteen arteko harremanak ikertzen ditu erakusketak. 
Erakusketa honen bidez, Cristóbal Balenciaga Museoak elkarren osagarri diren lengoaia artistikoak harremanetan jartzen jarraitzeko asmoa du, eta, aldi berean, Balenciagaren figurarekiko eta garaiarekiko periferikoak diren beste testuinguru batzuk definitzen jarraitzekoa.