Tradizioa berrinterpretatzen: Moda eta herri-sustraiak

Cristóbal Balenciaga Museoak Kutxa Kultur Modarekin elkarlanean aurkezten du jardunaldi hau, erakusketan parte hartu duten hainbat adituren ikerketen fruituetan gehiago sakontzeko. 

Data: Otsailaren 18a.

Ordua: 11:30.

Lekua: Kutxa Fundazioko Ruiz Balerdi aretoa. Tabakalera, Donostia.

Doako sarrera. Plaza mugatuak. Beharrezkoa da izena ematea.

"Ikatza eta belusa" erakusketak Cristóbal Balenciagak goi-mailako joskintzan eta Ortiz Echagüek Espainia tradizionalaren argazki-erretratuetan, janzkera herrikoiaz izan zuten ikuspegi artistiko-dokumentala eta egin zuten berrazterketa estetikoa ditu ikergai. Bi artista horien obrak harremanetan jartzen dira, eta interpretazio desberdinak egiten dituzte errealitate berari buruz: XX. mendearen lehen hamarkadetan ahitzen ari zen jantzi herrikoiaz. Biek ala biek indarra eman zioten eta izaera atenporalaz hornitu zuten, ezin ukatuzko kalitate artistikoa duten lanen bidez. Argazkigintzak eta modak bat egiten dute ingurune horretan, jantzi herrikoia eta haren balio unibertsalak omentzeko, eta, era berean, tradizioa berrinterpretatzen eta sorkuntzarako eta berrikuntzarako iturri gisa hartaz baliatzen jakin zuten bi artistak ere omentzeko.

 

Cristóbal Balenciaga Museoak Kutxa Kultur Modarekin elkarlanean aurkezten du jardunaldi hau, erakusketan parte hartu duten hainbat adituren ikerketen fruituetan gehiago sakontzeko.

 

EGITARAUA

Ekitaldiaren aurkezpena: Denis Itxaso González, Cristóbal Balenciaga Fundazioko presidentea.

1. Hitzaldia: Javier Ortiz Echagüe, “Teknika eta artea, Espainiako herri-erretratuan” (30 min)

José Ortiz Echagüek ikuspegi artistikotik jorratu zuen janzkera herrikoiaren inguruko lana, ez soilik arlo dokumentaletik. Ingeniaria zen lanbidez, eta bere denbora librearen zati handi bat herri-janzkien argazkiak egitera bideratu zuen XX. mendeko lehen hamarkadetan. Javier Ortiz Echagüek Guadalajarako argazkilari eta bildumagilearen lan-metodoa aurkeztuko du, baita errebelatzeko erabiltzen zituen teknika eta prozesua ere; izan ere, ikatza zuzenean jartzen zuen fresson paperaren gainean, eta teknika horri esker lortu zuten bere argazkiek halako arrakasta.

2. Hitzaldia: Igor Uria Zubizarreta, “Tradiziotik abangoardiara” (30 min)

Cristóbal Balenciagak, bere ibilbide profesionalean zehar, iturri eta erreferentzia ugari eta era askotakoak erabili zituen inspiratzeko garaian, eta, besteren artean, janzkera tradizionalak ematen dituen aukerak ikertu zituen, sormen-iturri gisa. Igor Uria Zubizarreta, Cristóbal Balenciaga Museoko bildumen zuzendaria eta erakusketaren komisario elkartua, Getariako diseinatzaileak herri-jantziaren errealitateari buruzko informazioa nola bildu zuen, eta bere espazio-denbora koordenatuen testuingurutik nola atera zuen azalduko du, nazioarteko goi-mailako joskintzaren abangoardia bihurtzeko.

3. Hitzaldia: Ana Balda. “Herri-janzkiaren gaineko bi begirada” (45 min)

Cristóbal Balenciagak eta José Ortiz Echagüek inspirazio-iturri izan zuten herri-janzkera euren ibilbide sortzailean, modaren munduan lehenak eta argazkilaritzan bigarrenak. Erakusketaren komisario Ana Baldak bi sortzaileon obren arteko paralelismo eta elkarguneak azalduko ditu. Herri-janzkeraren gaineko euren ikuspegien arteko gertutasunak erakusten duenez, bi gizonek balioa eman zioten herri-janzkiari, eta, horrez gain, kontzeptu atenporal bihurtzea ere lortu zuten.

 

Kutxa Kultur Modako diseinatzaile egoiliarrekin solasaldia. “Tradizioa eta artisautza, gaur egungo moda sortzeko prozesuetan” (15 min)

2016ko azaroaren 3tik 6ra bitartean, Cristóbal Balenciaga Museoak ikastaro teoriko-praktiko bat eskaini zuen Elisa Palomino irakaslearen eskutik, aldi baterako erakusketa honekin lotuta. Ikastaroan, ehungintzako sorkuntza tradizionalean erabilitako teknika eta estetikak moda-munduko sorkuntza-prozesu berrietan nola aplikatu aztertu zuen, beharrezko egokitzapenak landuz. Kutxa Kultur Modako hiru diseinatzaile egoiliar ekimen hartan izan ziren parte hartzen, eta haiek azalduko dute formakuntza-jarduera horretan bizitako esperientzia, jasotako ezagutza eta erreminten berri emanez.

 

HIZLARIAK

Javier Ortiz Echagüe

Artearen Historian lizentziatua eta Informazio Zientzietan doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Irakasle-lanetan aritu da Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Cuencako Arte Ederren Fakultatean zein Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatean, eta irakasle bisitaria izan da Probentzako Unibertsitatean eta New Yorkeko Unibertsitatean. Madrilgo Sofia Erregina Museoko Desbordamiento de Val del Omar proiektuko komisario laguntzailea izan zen, eta, egitasmo horretan, José Val del Omarren testuen antologia argitaratu zuen: Escritos de técnica, poética y mística (Sofia Erregina Museoa / La Central, 2010). Era berean, Kataluniako Arte Museo Nazionalean 2013an egindako Ortiz Echagüe. Norte de África erakusketaren komisarioa ere izan zen. Bestalde, Yuri Gagarin y el conde de Orgaz. Mística y estética en la era espacial (Jorge Oteiza, Yves Klein, José Val del Omar) liburua ere argitaratu zuen 2014an, Jorge Oteiza Museoaren eskutik. Horacio Fernándezekin batera, Fotos & libros. España 1905-1977 lana argitaratua zuen (Sofia Erregina Museoa / RM, 2014). Gaur egun, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakaslea da Nafarroako Unibertsitatean, baita Nafarroako Unibertsitateko Museoko komisario elkartua ere.

Igor Uria Zubizarreta

Cristóbal Balenciaga Museoko Bildumen zuzendaria da 2014tik, eta kontserbatzaile-zaharberritzailea eta erregistratzailea 2004tik. Cristóbal Balenciaga Museoan bertan zaharberritzeak egiten eta erakusketak muntatzen aritzeaz gain, beste erakunde batzuekin ere aritu da, hainbat egitasmotan; adibidez, Monakoko Grimaldi Forumeko “Les années Grace Kelly”, Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoko “Hubert de Givenchy” eta Bilboko Arte Ederren Museoko “Balenciaga” erakusketetan. Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta graduondoko ikasketak egin zituen Deusto-ESADEn, Alcalá de Henaresko Unibertsitatean, Lyongo Centre International d'Etudes des Textiles Anciens zentroan eta Londreseko Victoria & Albert Museum prestigiotsuan. Azken museo horretan, Curating Fashion and Dress ikastaroa egin zuen. Aldizkari espezializatuetan zein katalogoetan artikuluak argitaratu izan ditu. Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioko ondarearen inbentarioa egin zuen, eta Espainiako hainbat museotan zaharberritzaile aritu da.

Ana Balda

Ana Balda Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da, eta Komunikazioan doktorea, Nafarroako Unibertsitatean. Enpresa-kudeaketan ibilbide oparoa egin ostean, modaren mundura bideratu zuen bere ibilbide profesionala, Balenciaga etxearen komunikazio-politikaren inguruko doktore-tesi batekin. Balda modaren historian, argazkilaritzan eta prentsan espezializatuta dago. Artikulu zientifiko eta dibulgatzaile ugari idatzi ditu, eta gaur egun Moda diseinuaren historia eta Modaren irudikapena prentsan: ilustrazioa eta argazkilaritza ikasgaiak ematen ditu Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko Komunikazio eta Modako Nazioarteko Programan. Irakaskuntza eta ikerketa aholkularitzarekin eta erakusketen komisariotzarekin uztartzen ditu.

 

 

Interesa duzuenok, jar zaitezte Museoarekin harremanetan, info@cristobalbalenciagamuseoa.com helbide elektronikora idatziz edo 943 00 88 40 telefono-zenbakira deituz. Jardunaldian parte-hartzen duten, eta asteburu horretan Museoa bisitatzen dutenek, % 50eko beherapena izango dute sarreraren prezioan.

Cristóbal Balenciaga Museoak Kutxa Kultur Modarekin elkarlanean antolatutako jarduera

Kutxa Kultur Moda

PROGRAMA DESKARGATU