Museoen Nazioarteko Eguna

“Museoak berdintasunaren alde: aniztasuna eta inklusioa” gaia hartuta, Museoen Nazioarteko Egunak topagune izan nahi du museoen komunitatea osatzen duten ikuspegiak goraipatzeko, objektuetara, istorioetara eta interpretazioetara eta museoetako kide direnengana iristeko aukera emango duten tresnen alde eginez.

Hala, ohore handia da guretzat zuek gure erakusketa, “Cristóbal Balenciaga, Moda eta ondarea” ikustera gonbidatzea; etxetik atera gabe eta murgiltze-esperientzia baten bitartez egin ahal izango duzue, museoko aretoak eta bertan dauden objektuak ikusteko.

COVID-19aren agerpenaren eta ondorengo konfinamenduaren ostean, formatua egokitu egin behar izan da 2020an, eta museo-komunitatean jarduera digitalak baliatzea erabaki dugu, MNEren balioak sustatu eta, era berean, publikoaren eta langileen segurtasuna bermatzeko. 

Erakusketa honek kronologikoki aurkezten du Cristóbal Balenciagaren lanaren hautaketa bat, lehenengo obrekin hasi, 1917an lehen negozioa jarri baino lehenagokoekin, eta 1968ra artekoak bilduz, urte horretan iragarri baitzuen goi-mailako joskintzatik erretiratuko zela eta bere aretoak itxiko zituela.

Museoaren bildumatik abiatuta, erakusketak Balenciagaren teknikaren eta estetikaren bilakaera progresiboa islatu nahi du bost hamarkadatan, haren ekarpen iraultzaileak nabarmenduz, ondo azaltzen baitute nola gainditu duten modaren kontzeptua, gaur egun ondare bihurtzeko.

Ibilbidean, gainera, etengabe nahasten dira erreferentzia biografikoak, jostunaren sorreraren 125. urteurrenean, pertsona gisa ere azaldu nahi baita Cristóbal, ospea baino prestigioa nahiago zuen gizona, irudi eta objektu pertsonal ezezagunen bidez. 

Cristóbal Balenciaga Museoaren proiektua da, Igor Uriak komisariatua, Judith Clarken laguntzarekin.

Cristóbal Balenciaga Museoak, gainera, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, jarduera-programa oso bat garatzen du testuinguru fisikoan bestelako inklusio-formula batzuk lantzeko. Hemen duzue gogoratzeko jarduera irisgarriak eta konpromisoa hartzen dugu ate irekien jardunaldi bat egiteko, lehen eskutik ezagutu dezazuen, datorren urrian. 

Goza ezazue Museoen Nazioarteko Egun handiaz