2011-21 Legatua partekatuz

Museoaren bildumaren hamar pieza erakusgarri hautatu ditugu, erakundeak hamarkada horretan izandako jardueraren hamar mugarri garrantzitsuenei lotuak. Horien bitartez adierazten dira, halaber, Balenciagak iradokitzen dizkigun hamar balioak.

Cristóbal Balenciaga Eizaguirre (1895-1972) eragin handieneko moda-sortzailea izan da historian. Bost hamarraldiko ibilbide profesionalean, goi-joskintzako etxeak zuzendu zituen Espainian –Donostia (1917), Madril (1933), Bartzelona (1935)– eta Frantzian –Paris (1937)–, eta dotoretasunaren, abangoardiaren, edertasunaren eta atenporalitatearen sinonimo bihurtu zen bere izena.

Modaren, artearen edo bestelako kultura-adierazpenen bitartez beren garaiko estetikan, sentiberatasunean edo balioetan modu erabakigarrian eragin duten artista handien pareko unibertsaltasuna lortu zuen Balenciagak, bere irudiaren dimentsioari eta bere lanaren kalitate bereziari esker. Era berean, bere izaeraren, sormen-lanaren eta ibilbide profesionalaren ondorioz, bere legatua ez da oinordetzan utzitako lan materialera mugatzen, bere burua eta bere lana ulertzeko modua ere hartzen baititu bere baitan; azken hori izan da, inondik ere, bere arrakasta ukaezinaren ezinbesteko osagaia.

Biografia, obra eta balioak dira, beraz, Cristóbal Balenciaga Museoaren sorreran bat egiten duten hiru alderdi nagusiak. 2011ko ekainaren 7an inauguratu zen museoa, Getarian, jostunaren jaioterrian, bere ikaskuntza-prozesuaren eta garapen profesionalaren lehenengo urteen agertoki izan zenetik oso gertu. Horregatik iruditzen zaigu egokia, museoaren hamargarren urteurrenaren testuinguruan, hiru hari horiekin ehuntzea erakusketa digital honen historia.

Museoaren bildumaren hamar pieza erakusgarri hautatu ditugu, erakundeak hamarkada horretan izandako jardueraren hamar mugarri garrantzitsuenei lotuak. Horien bitartez adierazten dira, halaber, Balenciagak iradokitzen dizkigun hamar balioak.

EZAGUTU EZAZU