Moda eta Ondarea. Cristóbal

HURRENGO ERAKUSKETA

Moda eta Ondarearen artean badago elkarrizketa paradoxiko bat.
Cristóbal Blaenciagaren kasuan, baina, bi horien arteko elkarrizketan bat egiten dute biek.

Ondarearen Europako urtearekin bat etorriz, 2018an, zaintza-seriea martxan jarri zenetik, Museoaren xede izan da hausnartzea nola pasatu zen Balenciagaren obra Moda izatetik Ondare izatera, sortzailearen biografiarekin batera, haren bilakaera, modaren historian egin dituen ekarpenak eta haren obra ondare bihurtzeko prozesua erakutsiz.

Seriea metatze-prozesu baten bidez gauzatu da, aurretiazko eta gaur egungo ikerketak integratu eta bereganatuta, kontakizun kronologiko erkide bat antolatuta eta erakusketa bakoitzean arretagune desberdina jarriz, arretagune horretara egokitzeko aldatu eta berrikusten den museografia baten bidez. Planteamendu guztiz berritzaile hori museoak Judith Clark erakusketa-sortzaile ospetsuarekin egindako lankidetzan sortu da. Clark museologia esperimentalean aditua eta London College of Fashion eskolako Center for Fashion Curation zentroko (UAL) zuzendarikidea da.

Erakusketan jarritako jantziekin batera, Cristóbal Balenciagaren objektu pertsonalak erakutsiko dira, Museoko bildumatik hartuta, moda-sortzailearen alderdirik lagunartekoena ekartzeko. Jostunari buruz hitz egiten diguten laneko tresnak, objektu pertsonalak, gutun pertsonalak eta jantziak jarriko dira ikusgai, haren gustuak, zaletasunak eta egunerokotasuna erakusteko.

Erakusketan, beraz, Balenciagaren lanaren bilakaera agertuko da, eta, aldi berean, Cristobal bera irudikatzeko aukera emango digu, haren objektuen bidez. Erakusketaren komisario eta Museoko bildumen zuzendari Igor Uriaren hitzetan: «Ez dugu Balenciagaren bizitza deskribatu nahi; aitzitik, beti itzalean, gortinaren atzean, tailerretan gordeta, bere ideiak sortzearen isiltasunean sartuta egon zen gizonaren bilakaera gogoratu nahi dugu, eta, agian, geure buruari galdetu zergatik heldu diren objektu zehatz horiek guregana (soilak, erabilgarriak eta bitxiak, agian ez garrantzitsuenak, baina bai museoan gordeta daudenak) eta zer kontatzen diguten jostunari buruz».