Cristóbal Balenciaga. Legatu denboragabea

Cristóbal Balenciaga XX. mendeko moda-sortzaile bikainen eta itzal handienekotzat jotzen da. Erakusketa honetan, Cristóbal Balenciagaren lana eta historian egin zuen ekarpena erakusten da.

Cristóbal Balenciaga XX. mendeko moda-sortzaile gailenetako bat da, eragin eta itzal handikoa. Perfekzionista nekagaitza izanik, joskintza-teknikak erabat menderatzea lortu zuen, eta sorkarien joskera hobetzen aritu zen etengabe. Forma sinpleago eta garbiagoetara bideratuta, berrikuntza apartak egin zituen. Bere sormen paregabeari esker, itxuraren eta estetikaren aldetik ausartak ziren modeloak egin zituen. Zirrara eragin zuten mundu osoan, eta joera nagusi bihurtu ziren denboraldiz denboraldi. Gainerako moda-sortzaileek begirune handia zioten lanbidea hain modu miresgarrian menderatzeagatik, eta nazioarteko goi-joskintzan ezbairik gabeko erregea izan zen Balenciaga, 1968an erretiroa hartu zuen arte.

Erakusketa honek Cristóbal Balenciagaren obraren ezaugarri nagusiak agerrarazi nahi ditu, baita modaren eta diseinuaren historiari egindako ekarpen erabakigarria ere.

Kronologikoki antolatutako hiru aretotan barna, Getariako moda-sortzailearen ibilbidea azaltzen zaigu, Donostian hasi zenetik Parisen nagusitasuna erdietsi artekoa. Bada haren legatu tekniko paregabeari eskainitako tarte bat ere, gaur egungo sortzaile ospetsuenen lanean duen eraginaren lekuko.

Bilduma ondo kontserbatzeko bete behar diren baldintza zorrotzen eraginez, erakusketa iraunkorreko piezak modu kontrolatuan txandakatu behar dira. Aldizka egingo dugu, hamabi hilabetero. Horrela, erakusketari dinamismoa emango diogu eta erakusketa iraunkor klasikoen estatikotasunetik ihes egingo dugu. Gainera, erakusketa iraunkorrean, beste erakunde batzuen esku edo beste bilduma batzuetan dauden Balentziagaren sorkariak sartzen saiatuko gara. Horrela, erakusketak interes handiagoa piztuko du.

Cristóbal Balenciaga. Legatu denboragabea Pariseko Balenciaga artxiboen laguntzarekin prestatu da. 

Liburuxka deskargatu