Perfekzionista, izugarri teknikoa, sortzailea, berritzailea... horiek eta ildo bereko beste hainbat adjektibo erabil litezke XX. mendeko jostun onenetakoaren eta itzal handikoaren izaera azaltzeko. Cristóbal Balenciaga Eizagirre (Getaria, Gipuzkoa, 1895eko urtarrilaren 21 – Xábia, Alacant, 1972ko martxoaren 23) aurreratua izan zen bere garaian; janztea eta emakumearen gorputza bera ulertzeko era irauli zituen. Perfekzioa ezinbestekoa zen berarentzat, eta, teknika maisutasunez menperatzen zuenez, bide horretan saiatu zen. Horren emaitza izan zen bere izaera berritzailea, sinpletasun handiagoaren eta forma purutasunaren bilaketa xede zituena.

Cristóbal Balenciaga asko maitatu zuten egon zen toki guztietan. Lankideek eta modeloen hitzek ezerk baino hobeto adierazten dute gipuzkoarraren artearen esentzia: “Gu guztion maisua da”, esan zuen Christian Dior ‘handiak’; “Goi mailako jantzigintzako arkitektoa da”, ziurtatu zuen Hubert de Givenchyk; moda-ibilbideetan erreferente izan den Coco Chanelen esanetan “benetako couturier (jostun) bakarra” izan zen, garaikide zituen lankideak ez bezala, getariarra “soineko bat hasieratik bukaerara diseinatu, moztu, muntatu eta josteko gai” baitzen.

Bere bizitzan zehar, oso gaztetandik, agerian utzi zuen aitzindari izaera. Horrela, 1917an, 22 urte besterik ez zituela, lehen establezimendua ireki zuen Donostian. Gerora, Madrilen eta Bartzelonan ere zabaldu zituen jostundegiak.

Espainiako errege-erreginek, haien ahaideek eta aristokraziak laster izan zuten haren talentuaren berri, eta bere diseinuak bereganatu zituzten.

Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz jostundegiak itxi behar izan zituen, eta modaren gunea zen Parisera emigratu zuen. Frantziako hiriburuko George V.aren etorbidean ireki zuen lehen tailerra, Europa osoko ateak zabalduko zizkiona. 1937. urtean izan zen.

Bere talentua Kontinente Zaharrean zehar hedatu zen, eta are nabarmenagoa egin zen 1945etik aurrera. Bere estilo berritzailea gaurkotasun handikoa izan zen Europan horren tirabiratsuak izan ziren urteetan. Bere nortasun-marka zen. Kontinenteko artista ospetsuenen deiak eta bisitak hartzen hasi zen, horien artean ziren, besteak beste, Marlene Dietrich edota Greta Garbo. Era berean, Belgikako Fabiola erreginaren eztei-soinekoa egin zuen, eta baita aristokraziako beste hainbatenak ere. Estatu Batuetako dama aberatsenentzako ere sortu zituen jantziak.

Modaren historian izan den ekarpenik handiena Balenciagari zor zaio: emakumearen silueta berria. Ordura arte indarrean izan zenarekin hautsi zuen, eta linea arinak eta bolumen harrigarriak erakusten zituzten diseinuak landu zituen. Linea, modelo eta eredu horiek garai baten bereizgarri bilakatu ziren, hala nola, tonneau linea (1947), look erdi entailatua (1951), baloi itxurako gonak (1953), 1955eko tunika, 1957ko zaku itxurako soinekoa edota 1958ko baby-doll. Behin betiko loratzea izan zen, bere garaiaren aurretik zihoan ikonoklasta hura jantzigintzaren aldareetara igotzea. Bere lankideek, modaren industriak eta publikoak orokorrean horrela adierazi zuten, egin zizkioten laudorioen bidez. Gaur egun ere, iraganarekiko hausturatik mende erdi igaro denean, moda-ibilbideetan haren proposamenak erakusten dituzte.